Aurkezpena

Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa 1999an eratu zen Oiartzungo Udala eta Haurtzaro Ikastolaren artean. Bere helburua 0-3 urte bitarteko haurren heziketa osoa bultzatzea da, eta, era berean, haur bakoitzaren garapen egokia bideratzen laguntzea. 2014an proiektuari Urmendi Haur Eskola izena jarri diogu.

Egiten dugun lan pedagogikoa haurraren heziketa integrala lortzera zuzenduta dago, eta, horretarako, hezitzaile-irakasle profesionalen laguntza sendo eta goxoarekin hazteko aukera eskaintzen dugu.

Kokagune desberdinetan egon arren, egiten den lan pedagogikoa erabat koordinaturik dago, proiektu berbera lantzen baitugu zentro guztietan.

Euskal Herriko eta estatu mailako erakunde desberdinetatik jasotako kalitatezko errekonozimendua du gure hezkuntza proiektuak. Besteak beste, estatu mailan Vic-eko Unibertsitateak 2004an haur-eskolen kalitateari buruz egindako ikerketa batean, kalitate onarekin funtzionatzen zuten 3 haur eskola aukeratu zituzten eta horietako bat Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa izan zen. Ikerketa honetatik, haur eskoletako kalitatezko parametroak zehaztu dira.