Metodologia

Urmendi Haur Eskolan, haurraren globaltasuna hartzen da kontuan. Horregatik, haurraren bizitzari zentzu integratzailea emango dion jarduera mota planifikatzen da.

  • Jolasa da haurrak bere ingurua ezagutzeko duen bitarteko nagusia. Jolaserako duen gaitasun eta gogo hauxe aprobetxatuz, jarduera libreari eskaintzen diogu denborarik gehien.
  • Adinaren ezaugarriak kontuan hartuta eta haurraren interes eta jakin-minari erne, material eta esperientzia aberatsez gozatzeko aukera ematen diegu.
  • Berebiziko garrantzia ematen diogu ingurumenarekiko harremanari. Egunerokotasunaren parte dira, beraz, kaleko irteerak nahiz naturako elementuen presentzia gelan.

Hostoak-biltzen(udazkena)

  • Haurraren atxikimendu emozionala errespetatzeko, ziklo osoan hezitzaile beraren erreferentzia ziurtatzen saiatuko gara.
  • Eguneroko momentu guztiak dira hezigarriak, eta, beraz, afektiboki garrantzi handia duten behar fisikoei dagozkienak ere haur bakoitzak bere hezitzailearekin eta lagunekin bizi behar dituela uste dugu (jatordua, lotarako eta garbitasun momentuak…).
  • Gurasoak ere gure hezkuntza proiektuaren partaide zaretenez, gu denon arteko elkarlana modu askotara sustatzen dugu. Egunerokotasunean gelan gurasoen presentziak indar berezia hartzen du, eta haur txiki hauen kasuan are gehiago, informazioa trukatzeko ezinbesteko tartea baita. Honetaz gain, haur eskolako proiektu txikietan parte hartzen dute, musika emanaldiak eskainiz, jaietan kolaboratuz, materiala biltzen laguntza eskainiz…
  • Haurraren koaderno idatzia gurasoen parte-hartzearen beste adibide bat dugu. Familiaren eta eskolaren artean haurraren bizitzaren historia txiki bat osatuko dugu.

Gurasoekin-agurra

  • Haurraren heziketa osagarria eta orekatua izan dadin, gurasoekiko harremanak derrigorrezkoak dira, eta, eguneroko momentuez gain, ikasturtean zehar egiten diren talde bilerak, kurtso bukaerako informe-elkarrizketak… etab. oso garrantzitsuak dira. Gurasoen formaziorako eta kezkak, dudak konpartitzeko, ikasturtean zehar guraso-eskolak antolatzen dira. Eskola horietan edozein gai lantzeko aukera dago.
  • Gure proiektua gehiago islatu nahian, lanaren dokumentazioari ere garrantzia ematen diogu.
  • Irakaslea bidelagun izango du haur bakoitzak bere bidean.
  • Ebaluaketa ikasturte osoan egingo du tutoreak. Egunez egun sortzen direnak behatuz eta gertaera bereziak erregistratuz, haurraren garapen zuzena babesteko erabiliko da. Behaketa izango da ebaluaketarako bitartekorik garrantzitsuena. Honetaz gain, beharrezko bestelako informazioa jasoko da gurasoen eskutik, beste irakasleen eskutik, eta, egoerak hala eskatuz gero, beste profesionalen eskutik. Ikasturte bukaeran urteko informe idatzia prestatzen da eta bakarkako guraso bileran azaltzen zaie gurasoei.